XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) guztia, arratsapalaren hori-moreen ñabarduretara, eguzki sartu berriaren zantzu iraun-nahi eta hodeien higidura nagira, haietan antzeman nahirik, hain zuzen, erromatar zirko izandako hark megafono erraldoi baten gisa zeruratzen zuen musika handiosaren eraginik.

Divak bularretiko do mardul hura ematean argi-mirariren bat gertatuko ote egon da une batez, baina eguzkiaren azken keinu hark bere pentsamentuak baino gutxiago iraun du, bai eta nota eutsiak baino gutxiago ere: ez, ezin zen hain erraza izan.

Izatez ere, denbora pasa alde joana zen Jim Maxwell Romeo eta Julietaren emanaldi hartara, igandez iritsia ez baitzuen hurrengo egunera arte itxaron beste erremediorik.

Ezin zitekeen, ez, hain erraza izan.

Opera hartara joan eta, txiripaz, hain luzaroan prestatzen ibilia zen esperimentuaren bertsio zerutiar hura gertatzea - hola-hola, berez - ,bera harexen zain-zain zegoelako justu.

Areago pentsatu behar zuen bere irrika eta itxaron ezinak egin nahi zion amarru bat zela, deseatzen baitzegoen noski museotik tramankulo jenial hura erreskatatu eta lehenbailehen frogatzeko, emakume japoniar bat kapaz bazen Sienako plazako harlauza zaharretan lokarturiko kantu bat atzartzeko, bera bezalako amerikar gizaseme batek harago jo zezakeela.